Euskera

Pasa den larunbatean, 2017ko uztailaren 15ean, Bartzelonatik Dakarrera (Senegal) zihoan Vueling-en VY7888 hegaldia arratsaldeko 16:25ean aireratzekoa zen. Hegaldia atzeratu egin zen, ordea, eta denbora-tarte horretan, bat-batean hegazkineko atzealdean eserita zegoen pertsona bat oihuka hasi zen. Une horretan, bidaiari batzuek hegazkineko laguntzaileei zer gertatzen ari zen galdetu zieten. Azken hauek ez zuten ezer erantzun. Gauzak horrela, bidaiariak zutik jarri ziren eta horren harira, dozenaka pertsona informazioa eskatzen hasi zen.

Bidaiari batzuk komentatzen hasi ziren agian pertsona hori Senegalera deportatua izan zitekeela, hegazkineko azken eserlekuetan eskuak lotuta eta eskularruak zituzten bi eskolta ondoan baitzituen. Honen aurrean, bidaiariek aire-konpainiari informazio hori berrestea eskatu zioten, txartela erosterakoan ez zietelako egoera horren berri eman. Hori jakinez gero, eta pertsona horren egoera hain larria zela ikusita, bidaiatzeari uko egingo ziotelako ezbairik gabe. Izan ere, aipaturiko egoerak oinarrizko giza eskubideak bete-betean urratzen zituen.

Orduan, eskuak lotuta zituena negar-zotinka hasi zen, urduritasunak jota: “Ez naiz bueltatuko. Je suis malade (gaixorik nago)”. Hegazkineko pasilloan, jendea egoeraren inguruan eztabaidatzen eta elkarri galdezka hasi zen. Hegazkinak ez zuen aireratzeko asmorik; tripulazioak eta komandanteak hasiera batean ez zuten informaziorik eman. Areago, hegazkineko laguntzaile bati galdetuta, honek ekipajearekin arazoren bat zegoela adierazi zien. Gerora, berretsi zuten hegaldiaren atzerapena ekipajearen pisuagatik izan zitekeela.

Tripulazioari galderak egin arren, ez zuten abisu ofizialik egin megafoniatik. Ordu eta erdi beranduago, ordea, pasilloa oraindik bidaiariz beteta zegoela, mikrofonotik esertzeko agindua jaso zuten bidaiariek, oihuka zegoen mutila hegazkinetik atera ahal izateko. Erabaki horren aurrean, txaloka hasi ziren bidaiariak. Une horretan, megafoniatik agindu zuten bidaiari guztiek hegazkinetik jaitsi behar zutela. Hori izan zen Vueling konpainiatik jaso zuten komunikazio ofizial bakarra.

Hegazkinetik jaisten geundela, ausaz sei pertsona atxiki gintuzten eta zur eta lur gelditu ginen. Gainerako bidaiariei beste tripulazio batekin beranduago bidaiatuko zutela esan zieten. Han gelditu ginenok identifikatu gintuzten eta egoera hori argitzeko eskatu genien, baita hautatzeko erabili zituzten irizpideak azaltzeko ere. Orduan, Dakarrera bidaiatzea ezinezkoa genuela esan eta maleten bila joan behar genuela adierazi ziguten. Inork ez zigun azaldu zergatik atxiki gintuzten gu eta ez pasilloan zegoen gainerako bidaiari andana bat. Aukeraketa prozesu horretan, konturatu ginen bi bidaiarik euren behatzekin seinalatu gintuztela gu gerarazteko asmotan.

Jarraian, gainerako bidaiariak hegazkinean sartzen ari zirela, beste bost pertsona ausaz atxiki zituzten, hasierako seiekin egin zuten moduan. Azkenean, hegazkina aireratu zen, 11 pertsonok ezin izan genuen bidaiatu eta ez genuen Vuelingen aldetik berri gehiagorik jaso. Gainera, bigarren hegaldian zeuden bidaiari batzuek esplikatu zuten legez, kinka larrian zegoen gazteak oihuka jarraitu zuen.

Atzo bildu ginen geldiarazi gintuzten hamaika bidaiariak. Gure artean ez genuen elkar ezagutzen eta ez genuen matxinadarik antolatu hegazkinean. Bertan gertatu zen gauza bakarra izan zen mutil bat oihuka hasi eta dozenaka pertsona pasillora atera zirela gertatzen zenaren inguruan galdezka; izan ere, Vuelingek hegazkina husteko agindua eman zuen soilik. Bidaiatzea debekatu ziguten modu aleatorioan.

Hegaldi horretan bazegoen deportazioa arbuiatu zuen jendea eta horiek ez zituzten hegazkinetik bota, eta isilik gelditu ziren batzuk, ordea, gure artean daude orain. Inork ez digu argi azaldu erabaki horren atzean dauden arrazoiak eta jarraitutako irizpideak.   Vueling konpainiak ez die bere bezeroei adierazi norberaren borondatearen kontra, eskoltatuta eta oihuka deportatutako pertsonekin batera inoiz bidaia lezaketenik.

Gaur hemen gaudenon artean, badago jendea gisa honetako deportazioen inguruan entzun duena. Beste batzuk, gertatu denaren harira, konturatu gara errealitate triste honetaz, hau da, hegaldi komertzialetan gertatzen diren kanporatzeez. Hegazkin honetan gertatutakoak ahalbidetu du urte luzez egoera hauek salatu dituzten erakundeekin kontaktua egitea. Horien bitartez jakin izan dugu Europan bidaia mota hauetan pertsona ugari hil dela: ahoa estalita (Osamuyi Aikpitanyi-9/6/2009), arnasa hartzeko ezintasunagatik (Jimmy Mubenga), oihuak isilarazteko burko batekin itota (Semira Adamu-1998), 10 metro baino gehiagoko zinta itsasgarri batekin lotzeagatik (Marcus Omofuma-25/5/1999), osasun egoera txarrean egonda, osasun arreta ez emateagatik (Joseph Ndukaku-2010eko martxoan) edo bihotz-gelditze batengatik (Aamir Mohamed Ageeb) –hegazkinean kasko batekin eta oinak eta eskuak lotuta sartu zuten batzuek eta mediku batek pertsona hori suspertzea galarazi zuten–.

Asko dira praktika hauen jarraitutasunak salatzen dituzten kolektiboak. CIEn itxiera eta Deportazioen Amaieren alde borroka egiten duen Estatuko Kanpainak jakinarazi du urtean 12 milioi euroren truke –diru publikoa– sinatutako hitzarmenak gauzatzen direla, hala nola Air Europa (Grupo Globalia) eta Swift Air-ekin 2013 eta 2016 artean, eta Viajes Barceló eta Air Nostrumekin (Iberiaren filiala) orain. Esaterako, hil honetako 24an deportazio hegaldi bat izango da; Madriletik abiatu, Bartzelonatik igaro eta helmuga Guinea Conakry duena. Agerian utzi nahi dugu deportazio horien aurka gaudela, eta ez dugula onartzen Vuelingek bidaiari gisa gaizki tratatu izana.

Hilaren 15ean gertatu zena ezin da berriz errepikatu. Lotuta, urduri eta osasun-egoera larrian zegoen pertsona horren egoeraren aurrean, pentsatzen dugu gutxieneko errukia duen edonork egin zezakeen apurra zutitzea zela, zer gertatzen ari zen jakite aldera, behinik behin. Hori da dozenaka pertsonak egin zutena. Gu horietako hamaika gara bakarrik.

haz

Anuncios